Joan den ostiralean, hilak 18, Santa Elena eguna izan zen, eta Irungo Udalak Ama Xantalen ermitako ateak zabaltzeko jardunaldi bat antolatu zuen egun horretan zein hurrengoetan. Jardunaldiak arrakasta handia izan zuen, eta irundarrek harrera beroa egin zioten egitasmoari. Bertaratu zirenek hiriko ondare historiko kulturalaren barruko aztarnategi arkeologiko nagusietako bat ezagutzeko aukera izan zuten, ermita osatzen duten guneak bisitatzeko aukera izan baitzuten.
700 irundar eta turista inguruk parte hartu zuten ermita osoan barrena sortutako ibilbidean. Ibilbidea ermitaren sarrerako erakustegian hasi zen, non iaz egindako lanei esker bisitariek Oiassoko nekropoliaren hiru dimentsioko berreraikuntza bat ikusi ahal izan zuten, eta aldarea eta tenpluko sarrera nagusia lotzen dituen pasarelan segitu zuen, aztarna arkeologikoen artetik.
Bisita gidatuak
Udako igande guztietan, 11:00etatik aurrera, Oiasso Museoak nekropoliaren bisita gidatuak eta Irun Erromatarra Tourra eskaintzen ditu –Tourra dohainik ere egin daiteke, gailu mugikorren bitartez–. Tourra egin nahi dutenek hitzordua eskatu behar dute, 943 639 353 telefono zenbakira deituta, eta tarifa ordaindu: helduek, 5,5 euro, eta 6-14 urteko haurrek, 3,85 euro; 6 urtetik beherakoek, berriz, doan egin dezakete.



