Irungo Udaleko Kultura Zerbitzuak jakinarazi duenez, Oiasso Museoak “Arkitekturaren burdina eta burdina arkitekturan” II. Argazki Lehiaketaren erakusketa ibiltaria hartuko du irailaren 17tik 2027ko urtarrilaren 10era bitartean. Pirinioetako Burdinaren Ibilbidearen barruan kokatutako ekimen honen helburua Okzitania, Andorra, Katalunia eta Euskal Herriko ondare siderurgikoa herritarrei hurbiltzea da, argazkigintzaren zein sorkuntza artistikoaren bidez. Irun 2018tik da sare horretako kide Irugurutzetako meatze-inguruneari esker, eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak azpimarratu duenez, erakusketa honek Irungo industria-historia Pirinioen bi aldeetako lurraldeekin lotzeko eta gure iragana balioan jartzeko aukera eskaintzen du.
Erakusketaren inaugurazioa datorren irailaren 17an egingo da, 12:00etan, eta sarrera doakoa izango da herritar guztientzat. Ikusgai jarriko den bildumak burdinaren, arkitekturaren eta Pirinioetako paisaiaren arteko harremana aztertzen duten 12 irudi biltzen ditu. Horien artean dago Jean-Luc Bobin irabazlearen “Le four à griller minerai de fer concession Escaró nord” lana, baita lehiaketan finalistatzat aukeratutako beste hamaika argazki ere, Pirinioetako hainbat gune zeharkatuko dituen biraren barruan.



