Gabonetako Krosak probaren 10. urteurrena ospatuko du aurten

Argazkia: 2023ko Gabonetako Krosa. Iturria: Bidasoa Atletiko Taldea.

Gabonak, bazkariak eta afariak antolatzeaz gainera, elkartasunerako eta lagun zein senitartekoez gozatzeko unea izaten dira, baita kirolaren bitartez ere. Hain zuzen ere, ohikoa denez, Bidasoa Atletiko Taldeak Gabonetako Krosa antolatu du. Edizio berezia izango da, lasterketaren 10. edizioa izango baita. Adur Amilibia BATeko marketin arduradun eta klubaren diseinatzailearekin hitz egin dugu.

Orain dela 10 urte hasi zineten Gabonetako Krosa antolatzen, ezta?

Bai. Orain dela 10 urte kluba apur bat aldatzen hasi zen, krisiaren ondoren, diru sarrera berriak bilatzen. Bide horretan emandako lehenengo pausuetako bat izan zen lasterketa gehiago antolatzea. Ordura arte Guadalupeko Igoera, San Martzial Igoera eta Txingudi Korrika antolatzen genituen bakarrik. Beraz, Gabonetako Krosa antolatuz, lasterketa berri bat sortzeko aukera ikusi genuen. Horrela, lasterketak 10 urte bete ditu eta zenbaki garrantzitsua da guretzat. Lasterketa hau oso datu onekin hasi zen,  600 eta ia 700 parte-hartzailerekin. Pandemia ondoren parte-hartzea apur bat jaitsi zen, baina azken bi urteetan berriro 600 parte-hartzaileen zifra berreskuratu dugu. Jada 200 dira aurtengo edizioan izena eman dutenak, beraz, ondo doaz zenbakiak.

“Pandemia ondoren parte-hartzea apur bat jaitsi zen, baina azken bi urteetan berriro 600 parte-hartzaileren zifra berreskuratu dugu”

Lasterketa Gabonetan kirola egiteko aitzakia da, baita korrikalari ohikoak ez direnentzat ere?

Lasterketaren intentzioa da edozeinek parte hartu ahal izatea, izan ere, 5 kilometroko lasterketa da. Egia da ibilbidean zenbait malda daudela, azken batean Irun horrelakoa delako, baina mundu guztiak egin dezake. Beraz, lasterketa egokia da orain korrika hasi direnentzat edo korrikalari herrikoientzat. Jaietan murgiltzeko beste aitzakia bat da eta Irunen oso giro polita sortzen du. Zorte ona izan dugu, maila oneko korrikalariek ere parte hartzen dutelako eta denbora oso onak egiten dituzte, lasterketa ikusgarriak eskainiz. Era berean, lasterketa berean ere, korrika egiten hasi direnek zein lagun edo senideekin parte hartzen dutenek, horretarako aukera dute. Hortaz, lasterketan bakoitzak bere modura parte hartzeko aukera du, proban giro polita sortuz.

Gainera, bakarka zein taldean parte hartzeko aukera dugu.

Bai, hain zuzen ere, eta taldean parte hartzeko aukera beti da pizgarri bat lagun taldeak parte hartzera animatzeko. Izan ere, taldeak mutilenak, neskenak edo baita mistoak izan daitezke. Horrela, jendea parte hartzera animatzen da, lagunek korrika egiten ez duen adiskide hori engainatzea lortzen dutelako azkenean. Taldeak askotarikoak izaten dira: lagun taldeak, familiako kideek osatuak edo lankideenak. Egia esan, gutxi izaten dira izena ematen duten taldeak, baina aukera ematen jarraitzea erabaki dugu, jendeari gustatzen zaiola ikusten dugulako.

Ibilbidea bere horretan mantenduko duzue?

Bai, aurreko urteetako ibilbide bera izango da eta etorkizunean ere horrela jarraitzea espero dugu. Ez da batere erraza larunbat arratsalde batean Irungo errepideak moztea, lan handia suposatzen baitu bai Udalarentzat eta baita Udaltzaingoarentzat ere. Erdiguneko ibilbidea mantendu nahi badugu, hau da ibilbide aukera bakarra. Beraz, oraingoz bere horretan jarraituko du ibilbideak. Gainera, larunbat arratsaldean egingo da eta ez igandean.

“Bi lasterketen izenemateetatik biltzen dugun ekarpen solidarioa “Mi dulce guerrero” izeneko elkarteari emango diogu”

Argazkia: 2023ko Gabonetako Krosa. Iturria: Bidasoa Atletiko Taldea.

Gabonetako Krosaren barnean, haur txikientzako lasterketa ere antolatzen duzue, ezta?

Bai, hori da. Gabonetako Kros Txikiak 9 urte beteko ditu aurten. Izan ere, pandemiaren lehen urtean ezin izan genuen proba hau antolatu. Horrela, hiru urtetik aurrerako txikiek lasterketa nagusiaren abiapuntuan bakarrik edo gurasoekin batera korrika egiteko aukera dute. Ibilbidea haurren adinaren arabera egokitzen da. 13 urtera arteko haurrek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Joan den urtetik, txikien lasterketarentzako inskripzioari 3 euroko prezioa jarri genion. Hiru euro horiek guztiz solidarioak dira, dirua ez da guretzako. Haurren parte-hartzearengatik kobratzen hastea erabaki genuen, aurreko urteetan, dohainik zenean, lasterketarentzako inskripzioak ireki eta segituan betetzen zirelako, baina gero probaren egunean parte-hartzea asko jaisten zela konturatu ginelako. Iaz froga egin genuen eta konturatu ginen neurri honi esker, izena ematen duen jendeak benetan parte hartzeko asmoa duelako dela. Beraz, neurri berri hori aurten ere mantenduko dugu, gainera, horri esker arrazoi solidario baten aldeko dirua biltzen dugulako.

Haur eta helduen inskripzioarekin bildutako ekarpen solidarioa nori emango diozue?

Bi lasterketen izen-emateetatik biltzen dugun ekarpen solidarioa “Mi dulce guerrero” izeneko elkarteari emango diogu. Elkarte txiki honek 1. motako diabetesa duten haurren bizitza hobetzeko helburuarekin, gaixotasunaren ikerketan laguntzeko dirua biltzen du. Gure ekarpena elkarte berari ematen diogun hirugarren urtea izango dela uste dut.

Izenemateak jada zabalik daude?

Bai. Bi probetarako izen-emateak abenduaren 13an, lasterketaren aurreko ostiralean, itxiko ditugu. Beti egiten dugun moduan, parte-hartzaileei eskatzen diegu izen-ematea azken egunera arte ez uztea. Dortsalak berriz, abenduaren 13an arratsaldean eta 14an goizean emango ditugu Palmera Montero eraikinean.

Hau guztia antolatzeko, boluntario askoren laguntza beharko duzue, noski, ezta?

Horrelako lasterketa bat aurrera eramateko boluntario asko behar dira, batez ere errepidean trafikoa mozteko, eta baita hornikuntza banatzeko ere. Egia da, halaber, asko direla probaren antolakuntzan laguntzen duten klubeko atletak. Baina, askotan klubetik kanpoko jendearen laguntza behar izaten dugu. Horregatik, hemendik deialdia egiten dugu lagundu nahi duten guztiak gurekin harremanetan jar daitezen. Gaur egun lan boluntarioa desagertzen ari den zerbait da, baina beharrezkoa dugu. Boluntario bezala laguntzen dutenei kamiseta ematen diegu opari, baita amaierako hornikuntza postuan merendatzeko aukera ere.  Lasterketaz gozatzeko beste modu bat da beraz.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude