Koadrilek Irungo kaleak hartuko dituzte bihar

Argazkia: Betti Gotti

Bihar, ekainaren 22an, Betti Gotti euskara kultur elkarteak antolatutako Koadrilen Eguna egingo da Irunen. Elkarteak egun osoko egitaraua prestatu du, Ficoban egingo den Herri Bazkaria eguneko ekitaldi nagusietako bat izango den arren. Horrela, urtetik urtera errepikatzen diren ekitaldiez gain, aurten ere hainbat berrikuntza izango ditu Irungo Koadrilen Egunak. Bazkariko zapiaren kolorea morea izango da.

Berrikuntza nagusien artean, aurten Antxeta Irratiaren laguntzari esker Kamiseten lehiaketa berreskuratu da. Hortaz gain, arratsaldean Ficobara sartzeko bazkarian parte hartu ez dutenek 2 euro ordaindu beharko dituzte. Azkenik, egunaren amaieran askaria eskatzeko aukera eman da.

Egitaraua

  • 09:00 Koadrilen gosari herrikoia Urdanibia plazan
  • 09:30 Goitibera parte hartzeko zozketa Urdanibiako oholtzan
  • 10:00 Irun Hiriko III. Sari Nagusia Goitibera Lehiaketa
  • Ondoren, Koadrilen Kamiseta Lehiaketaren sariketa.
  • 12.00 Txaranga Peña Poteo eta trikitilariak, alde zaharreko kaleak girotzen.
  • 13.15 Kalejira. Urdanibia plazatik abiatuko da.
  • 14.15 Bazkaria Ficoban. Globotxupinazoa.
  • 16:00 DJ Balber. Ficobako ateak 16:00etan irekiko dira.
  • 17:00 Burrunbarekin Dantzaldia.
  • 19.00 DJ Balber.
  • 20:30 Kalejira. Matraka elektrotxarangarekin itzulera.
  • Ondoren, askaria.

Betti Gotti elkartetik errespetua eskatu dute. Elkartetik aurkezpen prentsaurrekoan adierazi zutenez, “Herri Bazkarira etortzen diren guztiei ondo portatzea eskatzen diegu. Pertsona askoren lana eta parte-hartzea dago ekimen honen atzetik eta hurbiltzen diren gazteei errespetuz eta lasaitasunez jokatzea eskatzen diegu. Txartelen banaketa egunean arau sinple batzuk banatuko dira eta horiek errespetatzea eskatzen dugu. Oinarrizko gauzak dira (bazkarian zehar ez zutik jarri, janaririk ez bota, bertan dauden zerbitzarien lana erraztu, boluntarioen argibideak jarraitu…) eta eguna ondo joateko horiek errespetatzea beharrezkoa da. Esan bezala jarrera desegokiak errepikatzen badira, antolakuntzak neurriak hartu beharko ditu.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude