Nekane Arostegui Lasa, Nekane Boutique dendako jabea: “Merkataritza espezializatua behar dugu, kalitatezko markekin eta profesional onekin”

Nekane Arostegui Lasak 2024ko urriaren 31n bere merkatari ibilbideari agur esan zion erretiroari ongi etorria emateko. Ia 40 urte eman ditu hirian emakumezkoentzako arropa saltzen. Guztira, Irunen bi denda izan ditu bere izen berarekin, bata José Eguino kalearen 7. zenbakian eta bestea, Colón pasealekuaren 27. zenbakian. Nekane Arosteguik bere dendetan bizitakoaren errepasoa egin du, bezeroen fideltasuna eskertuz.

Hastapenetara itzuliz, nolatan erabaki zenuen Irunen arropa denda bat irekitzea?

Oso gazte hasi nintzen, 25 urte inguru nituela. Bi ume txiki nituen. Orduan ostalaritzan lan egiten nuen eta seme-alabekin bateragarri izan zitekeen ordutegi bat bilatzen hasi nintzen, ez baita erraza. Ehungintzaren mundua apur bat ezagutzen nuen, nire amak saltokia zuelako. Horrela, independizatzea erabaki nuen eta José Eguinon nuen denda hartu nuen, transferentzian. Jatorrian emakumeentzako denda bat zen eta ni lentzeria eta haurrentzako arropa ere saltzen hasi nintzen eta, egia esan, oso pozik nengoen. Ondo lan egiten zen, negozioa handitzen joan nintzen, langileak kontratatu nituen. Nire ilusioa hiriko erdialdera etortzea zen, eta horrela lokal hau lortu nuen. Hemen  espezializatzeko beharra ikusi genuen, eta horrela neurri handietako arropan espezialitzatzea erabaki genuen, Irunen horren falta baitzegoen.

Zer bilatzen zuten Nekane dendako bezeroek zuregana jotzerakoan?

Ba, nik uste denda adin jakin bateko publikoarengana bideratua egon dela, hau da, 55 edo 60 urtetik aurrerako emakumeentzako denda izan da. Denda asko daude gazteentzat, baina ez gure adinerako bezainbeste. Eta gero, beste alde batetik, kalitatea eta zerbitzu pertsonalizatua bilatzen zuten bezeroak izan ditugu, baina, batez ere, kalitatea. Uste dut kalitatea  funtsezkoa dela merkataritzak ondo funtzionatzeko, bai lehen eta bai orain.

“Uste dut kalitatea  funtsezkoa dela merkataritzak ondo funtzionatzeko”

Ia 40 urte hauetan, dendari gisa garai onak eta ez hain onak biziko zenituen, ezta? 

Bai, garai gogorrak izan dira Irunen. Dezente sufritu genuen aduanak itxi zituztenean, eragin handia izan baitzuen merkataritzan. Baita 2008ko krisiarekin, estatu mailan  gogorra izan baitzen. Eta, azkenik, pandemiarekin ere asko sufritu genuen, min handia egin baitzuen. Baina irauteko beharrezkoa da lana, dedikazioa, eta bezeroak zaintzea eta mimatzea.

Beraz, esan dezakegu esperientziak irakatsi dizula nola zaindu behar diren bezeroak.

Ba bai, batez ere bezeroari entzutea da garrantzitsua, bere estiloa zein den ikusteko. Pertsona bakoitzak estilo propioa dugu, eta estilo horren barruan, hoberen doakion koloreaz aholkatu dezakezu edo gustuko duen jantzi hori bere gorputzera egokitzen lagundu diezaiokezu. Hortaz, garrantzitsua da pertsona izatea luzitzen dena eta ez jantzia bakarrik.

Eta erretiroa iragarri zenuenean, zer esan zizuten bezeroek?

Ordutik jasotako maitasun adierazpenak etengabeak izan dira. Jendeak galdetzen dit,  zer egingo dugu zu ez zaudenean? Beno, bada, batez ere zoriondu egiten gaituzte, egia baita urte asko daramatzagula eta onena opa digutela ibilbide berrian. Guk ere eskerrak eman dizkiegu, hori ere garrantzitsua baita.

“Begira, jendearen tratuarekin eta maitasunarekin geratzen naiz”

Irungo merkataritzaren bilakaeraren lekuko izan zara. Egungo egoerak zerikusi gutxi izango du zuk lehen denda ireki zenuen garaiarekin, ezta?

Noski, ez du inolako zerikusirik. Aldaketa izugarria izan da. Lehen bezeroarekin lotura estuagoa geneukan, eta gaur egun inpertsonalagoa da. Jendea saltoki handietan erostera ohitu da, baita online erosketetara. Ni konturatzen naiz etortzen direnean gure bezeroei gustatzen zaiela tratu pertsonal hori jasotzea, hurbiltasunetik emandako gure aholkuak entzutea eta horrekin geratzen naiz. Niri ere horrela lan egitea gustatzen zait.

Honaino iritsi ahal izateko, beharrezkoa izango zen, noski, une bakoitzeko joeretara eta modara egokitzea.

Bai, zalantzarik gabe. Etengabe berritu behar zara, hau etengabeko ikaskuntza baita. Azoketara joan behar zara, hornitzaileekin hitz egin behar duzu, joera berrietara egokitu behar zara. Garrantzitsua da gauetik goizera pasatzen diren modetan ez zentratzea, bestela bezeroak erosi eta hilabetera arropa bota beharko duelako, baina eguneratua egotea ere funtsezkoa da.

Zuk erretiroa hartzearekin denda itxiko da, ezta?

Bai, eta horrek pena handia ematen dit. Nik uste dut Irungo merkataritza oraindik ondo defenda daitekeela eta jendeak ondo erantzungo lukeela. Merkataritza espezializatua behar dugu, kalitatezko markekin eta profesional onekin.

Zure ibilbidean, Irunez gain, kanpotik etorritako bezero asko izan dituzu?

Inguruko herrietako jendea beti Irunera etorri izan da erosketak egiteko. Nafarroako herrietako jendea oso bezero leialak izan dira beti. Horretaz gain, beti harritu izan nau  zenbat jende etortzen den Irunera erosketa egitera Goierritik, Tolosaldetik eta baita Donostiatik ere.

Urteetan egindako lana eskertzen duten bezero fidelak izatea ere pozgarria izango da, ezta?

Noski, bai, hala da. Jendeak zure lana eskertzeak bati gogoa igoarazten dizu, nola ez. Pozgarria da ikustea nola bezeroek kilometroak egiten dituzten zure dendara erostera etortzeko. Eskaintzen dizkiegun produktuengatik eta ematen diegun tratuarengatik egiten dutela suposatzen dut.

Behin erretiratuta, zer gogoratu nahi duzu zure bizitzako etapa honetaz?

Begira, jendearen tratuarekin eta maitasunarekin geratzen naiz. Hau da, hori nirekin eramango dut beti. Zorionekoa izan naiz asko gustatu zaidan zerbaitetan lan egin dudalako, eta horregatik ez zait gogorra egin hemen orduak sartzea, atsegin handiz egon bainaiz hemen. Bezeroak eta haien maitasuna faltan botako ditut. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkizuet zuei aukera hau emateagatik eta, batez ere, nire bezero guztiei, horiek gabe ez baitzen posible izango ibilbide hau guztia. Horretaz gain, nire langileen, bereziki Mariren lana eskertu nahi dut, xarmagarria eta profesional handia baita eta bezeroak mimo handiz tratatu ditu beti. Nire jostunak ere gogoratu nahi ditut, bezeroen arropak ezin hobeto geratzeko lan egin baitute. Beraz, eskerrik asko bihotzez denei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude