Nestor Basterretxeak egindako lana ezagutzeko ibilaldi gidatuen arrakasta eta harrera bikaina ikusita, Irungo Udaleko Kultura arloak doako ibilaldi gidatuen beste txanda bat jarri du abian. Bisita gidatu horiek abenduaren 14an eta 28an egingo dira. Fernando Garcia Nieto historialariaren eskutik egingo dira bisitak, eta 10:00etan hasiko dira, Nafarroa hiribideko iturritik. Ibilbidea gaztelaniaz izango da, eta 90-120 minutu inguruko iraupena izango du.
Interesdunek izena eman beharko dute, abenduaren 2tik aurrera irunkultura@irun.org helbidera mezu bat bidalita. Plazak izena emateko hurrenkeraren arabera esleituko dira.
Nestor Basterretxea
Nestor Basterretxeak 1942. urtean ekin zion bere ibilbide artistikoari, Buenos Aireseko publizitate-estudio batean diseinatzaile gisa. Hiri horretan ezagutu zuen Jorge Oteiza, 1948an. 1952an, Arantzazuko basilikako kriptarako muralak sortzeko lehiaketa irabazi zuen. Urtebete geroago, lan hori egiten ari zela, bere hamaika mural ezabatu zituzten gauetik goizera, frantziskotarren aginduz.
1956an, Irunen kokatu zen Jorge Oteizarekin batera. Etxebizitza bat eta estudioak eraikitzen hasi ziren Frantzia hiribidean. 1958an, Equipo 57 taldeko kide izan zen. Hirurogeiko hamarkadan hasi ziren haren artea balioesten. Haren heldutasun formal eta esperimentala argi islatu zen Madrilgo Nebli Aretoko erakusketan. 1961ean, Espainiak bera bakarrik hautatu zuen eskultoreen artetik, Sao Pauloko (Brasil) VI. Bienalean parte hartzeko. 1963an, zinemagintzan hasi zen.
Operación H filmatzen eta Alquezar eta Pelotari film laburretan parte hartu zuen. 1968an, “Ama Lur” filmatu zuen. 1966an, Gaur Taldeko kide izan zen Amable Arias, Chillida, Oteiza, Mendiburu, Ruiz Balerdi, Sistiaga eta Zumetarekin batera. 1969an, bere lehen obra publiko handia (iturri bat) jarri zuen Irungo Nafarroa hiribidean. Hamarkada horretan hasi zen diseinu industrialean ere, eta altzari modernoen Biok enpresa sortu zuen beste bazkide batzuekin batera. 1970eko hamarkadaren hasieran, Irun utzi eta Hondarribian kokatu zen. 1972tik 1975era, Euskal Serie Kosmogonikoa sortu zuen. 1974an eta 1975ean, Estela Discoideas seriea sortu zuen.
1980tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren arte-aholkulari bihurtu zen. 1983an, Eusko Legebiltzarreko Bilkura Aretoan dagoen zuhaitz-eskultura egin zuen. 1984an, Arantzazuko kriptako muralak margotu zituen. 1993an, bere obra arkitektoniko handiena jarri zuen Beasaingo Arriarango presan.
2003an, erakusketa bat aurkeztu zuen San Telmon, bere arkitektura imajinarioko proiektuekin. 2005ean, Eusko Jaurlaritzaren Lan Onari saria eta Humanitateetako Eusko Ikaskuntza saria jaso zituen. 2008an, EHUk zilarrezko intsignia eman zion, arteari egindako ekarpenagatik. Urte horretan bertan, bere Serie Kosmogonikoa eman zion dohaintzan Bilboko Arte Ederren Museoari. 2013an, Bilboko Arte Ederren Museoak haren lanari buruzko atzera begirako erakusketa handiena eskaini zion: “Nestor Basterretxea, forma eta unibertsoa”.
Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena
Nestor Basterretxearen jaiotzaren mendeurrena dela-eta Irungo Udaleko Kultura arloak antolatutako jarduera-programaren barruan sartzen dira ibilaldi gidatuak.
Ibilaldi gidatuez gain, beste jarduera batzuk ere egin dira, hala nola Fernando Golvano komisario duen “Nestor Basterretxea Irunen, 1958-1971” erakusketa eta arte-tailer familiarrak.