Ostiraletik aurrera segurtasun neurriak indartuko dira jaietarako prestatutako protokolo bereziarekin

Irungo Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ahalegin berezia egingo dute San Pedro eta San Martzial jaietan hiriko segurtasuna eta bizikidetza bermatzeko. Hala iragarri dute prentsaurreko batean Cristina Laborda Irungo alkateak, Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariak eta Iñigo Bergés Segurtasuneko eta Herritarren Bizikidetzako ordezkariak.

Prentsaurrekoan Auzo Elkarteen Federazioko, Alde Zaharra – San Juan elkarteko eta Erdialdeko elkarteko ordezkariek parte hartu dute, Irungo Udaleko Segurtasun eta Bizikidetza Batzorde Iraunkorreko kide diren merkataritza eta ostalaritzako BidaShop eta Denok Bat elkarteetako ordezkariekin batera.

Bertan, bi polizia-kidego horien arteko koordinazio eraginkorraren berri eman dute eta, gainera, jaiegunetarako aurreikusitako neurriak eta lan-planak azaldu dituzte. Asteburu honetan hasita, poliziaren presentzia handituko da, patruila gehiago ibiliko baitira, batik bat jende gehien egoten den eremuetan, indarkeriazko lapurretak eta erasoak saihesteko ahalegin berezia egiteko.

Udaltzaingoak prestatutako protokolo guztia Babes Zibileko Udal Planean kokatzen da. Jende pilaketa edo ekitaldi handiak aurreikusten direnean aktibatzen da, hala nola sanpedro eta sanmartzialetan.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren buruek Irungo kaleetan bi polizia-kidego horien arteko lan koordinatua eta elkarlana aipatu dituzte. Aurreko urteetan bezala, larrialdi-zerbitzu guztien arteko koordinazioa aginte-postu bateratu batek zuzenduko du, Udaltzaingoaren egoitzatik. Gune horretatik denbora errealean antolatuko eta zuzenduko dira operazio guztiak, inplikatutako gainerako zerbitzuekin eta erabakietan modu aktiboan parte hartuko duen Ertzaintzarekin koordinatuta.

Gainera, aurreko urteetan bezala, ekainaren 14ik aurrera, egunero bilera bat egingo da Ertzaintzaren komisarian, bi polizia-kidegoek egindako polizia-kudeaketaren eguneroko balorazioa egiteko, eta egun horretarako zer aurreikusten den aztertzeko. Hau da, bi kidegoek jaietan egunez egun kudeatzen dute polizia-lana, beharren plangintza kontuan hartuta.

«Segurtasuna da gure lehentasunik behinena, batik bat jende asko dabilen egunetan», adierazi du Cristina Laborda alkateak. «Herritarrei konfiantza-mezu bat helarazi nahi diet: Udaltzaingoak eta Ertzaintzak beren protokoloak indartuko dituzte jai seguru batzuk bermatzeko. Ezin zuen bestela izan. Plangintza koordinatu horrek emaitza onak ekarri ditu dagoeneko, eta ildo beretik jarraituko dugu lanean».

Iñigo Bergések bestalde, eskerrak eman dizkie «Udaltzaingoari eta Ertzaintzari, egiten duten lanagatik. Bi polizia-kidegoen arteko lankidetza presente egon da azken hilabete hauetako zenbait segurtasun-lanetan, eta harreman hori estutu egingo da datozen egunetan, ahalegin berezia egingo dugu eta. Gozatzeko egunak dira jaiak, eta herritar guztiek lagundu behar dugu festak ezin hobeak izan daitezen».

Nuria Alzaga Hiri Bultzadako ordezkariak esan duenez, «jaiak poz-giroan eta errespetuz bizitzea nahi dugu. Ostalariekin, merkatariekin eta auzo-elkarteekin batera, bizikidetza-arauak betetzeko deia luzatzen dugu. Elkar errespetatuta eta gizalegez jokatuta baino ezingo dugu jaiez gozatu, guztiontzat lasaiak eta seguruak izan daitezen».

10 puntu more

Jende pilaketen eremuen kontrola eta zaintza areagotzeaz gainera, etxera itzultzeko ohiko bideak ere kontuan hartu dira plangintza, «Etxera seguru itzultzea» programaren baitan. Patruila berezien bidez, gaueko sexu-erasoak eta lapurretak prebenitzea da ekimen horren xedea.

Poliziaren plangintzan arreta berezia jarri zaio eraso sexistak saihesteko lanari, eta horri gehitu behar zaio Irungo Udalak abian jarritako urteko kanpaina, komunitatea sentsibilizatzeko eta indarkeria matxistako jokamoldeak eta ekintzak saihesteko.

Horretarako, informazioa emateko hamar puntu eta indarkeria horiei buruzko 34 antolatuko dira, puntu more direlakoak. Kolore horretako karpetan egongo dira, eta indarkeria matxistaren inguruko informazioa eta aholkularitza emango dute. Horrez gain, «Telefono more» bat instalatuko da, indarkeria matxisten biktimei arreta eta laguntza emateko zerbitzu bat.

Aurten, segurtasun gehiago izateko, San Juan plazan eta Urdanibia plazan hainbat kartel jarri dira gezi eta anagrama bidez adierazten dutenak nondik eta norantz joan behar den ebakuatu behar izanez gero.  Indarkeria matxistarekin lotutako edozein arazo izanez gero herritarrei informazioa emateko hamar puntu moreak ere adierazi dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude