Pentsiodunek mobilizazioei eusten diete aldarrikapenak hasi zirenetik 6 urte bete direnean

2024ko urtarrilaren 15ean 6 urte bete dira pentsiodunen mobilizazioak hasi zirenetik. San Juan plazan kontzentrazioak eginez edo hiriko erdigunean zehar manifestazioak antolatuz, ahotsa altxatzen jarraitzen dute.

Euriak ere mobilizazioen urteurrenean parte hartu nahi izan zuen. Horregatik, elkarretaratzea ohiko moduan San Juan plazan egin beharrean, Udaletxeko arkupeetan bildu ziren bertaratu zirenak. Arkupeen oihartzunak eta mikrofonoak ordea, aldarrikapenak ozenago eta inoiz baino argiago entzuteko balio izan zuten.

Kontzentrazioaren hasieran minutu bateko isilunea gorde zen, pentsiodunen mobilizazioak hasi zirenetik bidean zendu eta borrokarekin jarraitu ezin izan dutenak gogoratzeko. Lupe Zapiainek mikrofonoaren aurrean irakurritako komunikatuan beraientzako esker hitzak izan zituzten, bizitzako aro hau beraiekin partekatzea ohore bat izan dela aipatuz. “Orain eta beti gure memorietan biziko zarete” esaldiarekin amaitutzat eman zuten zendutako kideentzako omenaldia.

Era berean, efemeridea aprobetxatuz, pentsiodunen mugimenduan parte hartzen duten helduenei ere aipamen berezia egin zitzaien. Horrela, 80, 90 eta baita 100 urtetik gora dituzten kideek astetik astera erakusten duten kemena txalotu dute. Izan ere, gertatzen dena gertatzen dela, Lupe Zapiain mugimenduko kideak adierazi du “zintzo-zintzo hemen egoten gara astelehenero, eguraldi onarekin edo txarrarekin, berdin zaigu eguzkia, elurra edo euria ari duen”.

“Nahiko genuke erretiratuez gain, jende gazteak edo langabezian daudenek gure aldarriekin bat egitea”

Lupe Zapiain, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Elkarretaratzeetan parte hartzen dutenen profilaz galdetuta, gehienak jubilatuak direla onartu du Lupe Zapiainek. “Nahiko genuke erretiratuez gain, jende gazteak edo langabezian daudenek gure aldarriekin bat egitea”, erantsi du Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Hala ere, Zapiainek onartu du zaila dela jende gehiago biltzen saiatzeko helburuz edonor moldatu ahal izateko ordutegia eta eguna bilatzea, bakoitzak bere betekizunak baititu.

Izan ere, pentsiodunek orain dela 6 urte hasitako bidearen bereizgarrietako bat aldarrikapenen irauntza izan da. Lupe Zapiain Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kideak azaldu du elkarretaratzeak hasi zirenetik bilakaera nabaria izan dela. “Urte hauetan guztietan zerbait lortu bada, pentsiodunok egiten ditugun mobilizazioengatik izan da”, adierazi du mugimenduaren ordezkariak. Horretaz gain, borroka honetan bakarrik daudela salatu dute komunikatuan: “sindikatu handiek ez digute babesik eman”. Horregatik, sindikatuei berriro ere eskatu diete dirua pentsio publikoen funtsera joatearen aurkako klausularik ez onartzea. Lupe Zapiainek azpimarratu duenez, “lorpenak aldiz ez daude soilik gure eskuetan”.

Egiteko dagoen bidea

Mobilizazioak hasi zirenetik gaiarekin lotutako aldaketak eta hobekuntzak lortu diren arren, Txingudiko Pentsiodunen Mugimendutik adierazi dute lortu beharreko gauza asko daudela oraindik egitekoen zerrendan. Aldarrikapen nagusien artean 1.080 euroko  pentsioa minimoa dago, “etengabe errepikatzen” duten zerbait. Lupe Zapianen hitzetan,  “espero dugu egunen batean gure eskaria errealitate egitea”.

Esaterako, pentsio funts pribatuen gaiarekin loturik, Txingudiko mugimenduak gogoratu du ezin direla herritarrak legez behartu pentsio pribatuen funtsak kontratatzera. Europar Batasunaren gomendioari aipamena egin diote horrela, herritarrak beldurtzeko estrategia bat dela argudiatuz. Are gehiago, Europako funtsetatik pentsiodunentzako esaten dena baina diru gehiago jasoko dela ziurtatu dute, nahiz eta pentsiodunen artean banatuko dena gutxiago izango den.

“Espero dugu egunen batean gure eskaria errealitate egitea”

Lupe Zapiain, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduko kidea

Mugimenduko ordezkariak irakurritako mezuan entzun zenez, “Beldurrez eta letragabe nahi gaituzte, adinekoak kalteberak garelako”. Izu eta mehatxuei aurre egiteko adore mezuarekin amaitu zuten komunikatua.  Behin eta berriz pentsio publikoentzako dirurik egongo ez dela entzun arren, gizarte segurantzaren kontuak zeron jarri ez balituzte, egoera bestelakoa litzatekeela azaldu dute.

Azkenik, mugimenduaren indarra eta sendotasuna goraipatu dituzte. Mobilizazioen 6. urteurrenean irakurritako mezuan gogoratu dutenez, “gure eskubide guztien alde bizi eta borrokatu duen belaunaldia gara”. Era berean, mugimenduaren izaera aurrerakoia, inklusiboa eta jasanbera azpimarratu dute, aurrerantzean bide beretik jarraituko dutela adieraziz. “Hemen denok dugu ahotsa eta elkarrekin menderaezinak gara”, esaldiarekin amaitutzat eman dute aldarrikapenen tartea. 6. urteurrenean beren eskakizunak entzunak izatea espero du Lupe Zapiainek. Baina, hori gertatu bitartean, astelehenetako elkarretaratzeekin eta hilean behin egiten den manifestazioarekin jarraituko dutela aurreratu du.

Seigarren urteurrenak ospakizun kutsua hartu du ekitaldiaren amaieran. Izan ere, astelehenero elkarretaratzeetara hurbiltzen direnen konpromisoa saritu nahian produktuz beteriko saskia zozkatu dute. Beraz, udaletxeko arkupetan bildutako guztiei txarteltxoak banatu dizkiete eta 131. zenbakia zuen txartelari esker asteroko elkarretaratzeetan parte hartzen duen Rosek eraman du saskia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude