Gaur goizean San Martzial mendian artilleria salbak egin dira 1813an gertatutako eta San Martzial Mendiko II. Gudua izenez ezagutzen den bataila oroitzeko. Salbak San Martzial ermitaren inguruan harriztatutako plazatxoan egin dira goizeko 11:00etan.
1813an, Irunen, tropa frantsesek Bidasoa ibaia zeharkatu zuten, Donostia zuten setioa askatzeko asmoz. Berriz ere, frantziarren planak zapuztu egin ziren mugako hirian. Aurten 210 urte betetzen dira San Martzialeko II. Bataila bezala ezagutzen den gertaera historiko horretatik, 1813ko abuztuaren 31n gertatu zena. Urte batzuk geroago, Fernando VII.a erregeak “Muy benemetira y generosa” tituluak eman zizkion hiriari, gerra garaian izandako jokabideagatik. Horiekin batera, 1522an eta 1813an gertatutako guduak izen bera daraman menditik artilleriako salbekin garaipenak oroitzeko pribilegioa lortu zuen hiriak.
Leku berean, baina 210 urte geroago, artilleriako bateria batek egindako salbekin hasiera eman zaio 1813 – San Martzialeko II. Bataila elkarte historiko-kulturalak antolatutako jarduerei. Elkarte horren helburua Independentzia Gerraren testuinguruan Irunentzat garrantzitsuak diren gertaerak, pertsonaiak, eta bizi-baldintzak ezagutaraztea eta balioestea da. Horrela, antolatzaileek bertako historia maite duten edo jakin mina zuten pertsona guztiak gonbidatu dituzte gaur San Martzialen ospatutako ekitaldira. XIX. mendeko artilleria pieza baten funtzionamendua eta uniforme historikoekin jantzitako artillariak ikusi ahal izan dira.
Gaur goizeko ekitaldiaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.