Shanin Olaguibelen erakusketara bisita gidatua egingo da ostegunean

Ostegun honetan, otsailaren 15ean, hasiko dira Amaia KZn “Ringetik Hollywoodera. Mundu-ibiltari irundar bat” erakusketarako bisita gidatuak.  Shanín Olaguibel irundarraren bizitza errepasatzen du erakusketa horrek. Gurutz Albisu erakusketaren komisarioaren eskutik egingo dira bisita gidatuak, eta gaztelaniaz egingo dira. Jarduera erabat doakoa izango da, eta ez da aurretik izena eman beharko. Martxoaren 31 arte ikusi ahal izango da erakusketa.

Pertsonaia bitxia eta ezezaguna da Shanín, oso lanbide desberdinak izan zituena: boxeolaria ere izan zen, eta taldeko aktorea ere bai Hollywooden Erakusketa Shanín Olaguibel ospetsuaren inguruko bidaia bat da, eta, horretarako, argazkiak, boxeo-emanaldien programak, kartelak, fotokromoak, publizitate-gidak, esku-programak, egunkari eta aldizkarien azalak edo No-Doko irudiak erabili dira, pertsonaia horren bizitza harrigarriaren abenturak eta desbenturak erakusteko.

Osteguneko bisita gidatuaz gain, martxoaren 9an, larunbatean, 19:00etan eta martxoaren 17an, igandean, 12:00etan bisitak egingo dira ere. Gurutz Albisu erakusketaren komisarioaren eskutik egingo dira bisita gidatu guztiak, eta gaztelaniaz egingo dira.

«Ringetik Hollywoodera»

«Ringetik Holywoodera. Mundu-ibiltari irundar bat» erakusketa Shanín Olaguibelen lanbideen alderdiak erakusten ditu. Lehen atalean, esaterako, haren bizitzako ibilbide luze bat agertzen da, boxeoari eta borroka libreari eskainia. Hala ere, erakusketaren ardatz nagusia aktore gisa egin zuen lana da bereziki. Esperientzia horrek aukera eman zion zinemaren munduan garrantzitsuak ziren beste zuzendari eta interprete batzuekin lan egiteko. Hona haietako batzuk: Raoul Walsh, Lewis Milestone, Nicholas Ray, Anthony Mann eta Stanley Kubrick zinemagileak, edo  Sophía Loren, Bing Crossberg, Ida Lupino, Cary Grant, Anita Ekberg, Peter Lorre, Cristopher Lee, Frank Sinatra edo Bud Spencer izar handiak.

Nor izan zen Shanín Olaguibel?

Irundar ahaztua, eta ezezaguna ere bai. Hemezortzi urterekin familia eta etxea utzi zituen, boxeoan arrakasta lortu nahi zuelako.  Parisera joan zenetik, lesio ezegokiren bat edo beste izan zituenean izan ezik, ia ez zen jaioterrira itzuli, 1970ean behin betiko itzuli zen arte.

Hamabi soketako kirolak Ipar Amerikara eraman zuen, eta han, bere gorputz indartsuak Hollywoodeko estudio handietako bideak ireki zizkion. Borroka librea probatzeko tentazioa izan zuen, eta hogei urte eman zituen jarduera profesional horretan. Aintzatespena eman zion, eta, horri esker, Amerikako ia herrialde guztiak eta Europako asko ezagutu ahal izan zituen.

Zinemagintzaren gune nagusian izandako esperientzia atzean utzi eta berrogeita hamarreko hamarkadan Espainiara itzuli zenean, berriz ere zazpigarren artean aritu zen bete-betean. Bigarren mailako roletan aritu zen beti, izar handien itzalpean, baina filmografia txukun bat osatu zuen; izan ere, berrogeita hamar film luze baino gehiago egin zituen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude