Super Amara BAT, inoiz baino hobeto

Bukatu berri den 2013ko indoor denboraldia, zalantzarik gabe, eskualdeko klubaren historiako hoberena izan da.

Atletismoaren denboraldiak betidanik bi garaitan banatu izan dira: indoor sasoian eta aire zabaleko sasoian. Abendutik martxora irauten dute indoor txapelketek, eta apiriletik abuztura arte izaten dira aire zabaleko lehiaketak.
Azken urteotan, Super Amara Bidasoa Atletiko Taldea gogor azaldu da estatu mailan, baina orain bukatu berri den 2013ko indoor denboraldia, zalantzarik gabe, eskualdeko klubaren historiako hoberena izan da.

Urtarrilean, Sabadellen izandako Espainiako junior klubeen arteko txapelketan neskak finalera sailkatu ziren, bai eta sailkapen nagusian seigarren geratu ere. Esan beharra dago sailkapen horretan atletismoaren proba guztiak kontuan hartzen direla; beraz, oso emaitza polita eskuratu zutela esan genezake.

Banakakoetan, arrakastarik handiena

Baina banakako lehiaketetan izan dute benetan arrakasta izugarria Super Amara BATeko kirolariek. Hiru neska nabarmentzen dira argi eta garbi gure eskualdeko taldean, emaitzak aintzat hartuz gero. Bata Teresa Errandonea da, eta 60 metroko hesi-lasterketa egiten du. Adinari erreparatuta, aipatu behar dugu junior dela; baina bai kategoria honetan, bai seniorrean ere, Espainiako indoor txapelduna izan da aurten. Ezin dugu ahaztu pasa den urtean Espainiako marka hautsi zuela junior mailan.

bat
Espainiako 2013ko junior taldeen arteko indoor txapelketan
seigarren sailkatu den nesken taldea.

BATeko beste bitxi bat Malen Ruiz de Azua da. Pertika-jauzian lehiatzen da,eta, Errandonea bezala, junior da. Estatuko txapelduna ere izan da bere kategorian, eta gainera aurten Espainiako junior errekorra lortu du Antequeran egin den txapelketa nazionalean. Senior lehiaketan, ordea, bostgarren sailkatu zen.
Eskualdeko atletismoko hirugarren izarra Olatz Arrieta da. Olatzek etorkizunekokategorian parte hartzen du, eta nahiz eta proba askotan fina den, azken boladan pentatloian ari da nabarmentzen. Izan ere, Euskadiko senior errekorra hautsi du aurten eta Espainiako selekzioarekin ibili da nazioarteko topaketa batzuetan. Estatuko senior txapelketan 60 metroko hesi-lasterketan parte hartu zuen, eta zilarrezko domina irabazi zuen, hain zuzen Teresa Errandonearen atzetik sailkatuta.

Izar zerrenda luzea

Bidasoa Atletiko Taldeak beste bi Espainiako txapeldun izan ditu 2013ko indoor sasoian, biak ala biak gazteen kategorian: Teresa Zaragueta altuera jauzian eta Tamara Perez 800 metroko proban. Baina klubaren dominen zerrenda, Espainiako txapelketetan, ez da hor bukatzen. Izan ere, Itziar Herrerok 3.000 metrokoan, Juana Usabarrenak pisuan eta Juan Jimenezek 60 metroko hesi-lasterketan brontzezko metalak eskuratu dituzte beteranoen kategorian.
Horra hor emaitzak; baina Ibon Muñozek, Super Amara BATeko kirol zuzendariak, argitu duen moduan, “gure klubeko filosofia ez da goi mailako kirolariak lortzea, harrobia lantzea eta haurrak atletismoan zaletzea baizik.
Kirolean hezi nahi dugu eskualdeko gazteria; horregatik, zortzi urtetik gorakoak hartzen ditugu. 140 lagun ditugu gure eskolan, eta federatuak 180 lagun dira guztira”. Gure eskualdeko atletismo taldea Euskadin lizentzia gehien dituen kluba da: ez da makala! Gauzak ondo egiten dituzten seinale.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude