Emakumezkoen taldeak entrenamendu berezi bat egin zuen Sarako Izarra eta INEF Lleida taldeekin, eta gizonezkoek gauza bera egin zuten Kataluniako klubeko jokalariekin
Joan den asteburuan, INEF Lleida klubeko hogeita hamar bat neska-mutil Irunera gerturatu ziren errugbiaz betetako programaz gozatzera. Ostiralean, Txingudiko jokalari eta lagunekin batera, Biarritz Olympiquek Aguileran jokatu zuen partidara joan ziren, eta, larunbatean, Plaiaundin hainbat jarduera egin zituzten, Sarako Izarraren emakumezkoen taldea ere gonbidatuz.
Maider Aizpuruaren eta Asun Gamindezen jokalariak izan ziren berdegunera atera ziren lehenengoak, Sara eta Lleidakoekin batera joko-egoera desberdinak praktikatzeko. Aipatzekoak dira bidasoarren plakajeetan eta jokoaren irekieran egindako aurrerapenak, nahiz eta defentsan aritzea oraindik ere haien zor handienetako bat izan. Azpimarratzekoa da, baita ere, beltz eta zurien taldera jokalari berriak gehitu direla.
Sarakoek debuta egin dute aurten Euskal Ligako bigarren mailan, eta Iparraldeko errugbian ohikoak diren pase azkarrak eta kontaktu gogorrak erakutsi zituzten. Dudarik gabe, etxekoek asko ikasteko aukera izan zuten.
Luxuzko prestakuntza gizonezkoentzako
Zaisa Txingudik denboraldiko azken partida garrantzitsuenari egingo dio aurre datorren astean, Atletico San Sebastianen aurka, eta INEF Lleidaren bisita ez du alferrik galdu. Saioaren hasieran, Kataluniako Ohorezko Mailan jokatzen duten bisitariek opariak eman zizkieten Txingudiko jokalariei.
Bi taldeek baliabide ezberdinak probatzeko eta partekatzeko aukera izan zuten eta intentsitate handiz entrenatu ziren. Entrenamenduaren alde txarra Teo Arruti Txingudiko kide eta INEF Lleidako jokalari ohiaren zoritxarreko lesioa izan zen.
Jardunaldiari amaiera emateko, bi klubek oroitzapenak eta esker onak eman zizkioten elkarri, eta adiskidetasunezko afari bat partekatu zuten.