Girabirak magia saio batekin hasiko du programaren hamargarren edizioa

Nuria Alzaga jarduneko alkate eta Kultura ordezkariak, Txikis del Bidasoa elkartearekin batera, Girabiraren hamargarren edizioa aurkeztu du gaur goizean Gain Gainean parkean egindako prentsaurrekoan. Familiei zuzendutako programa bat da, eta abuztuaren 9an, ostiralean, hasiko du 2024ko ibilbidea, eta magia izango da protagonista.

Girabira Irungo parkeetan barrena ibiltzen da, gaikako jardunaldiak antolatuz, eta hiria hobeto ezagutzea du helburu. Egitarauko ekitaldi bakoitzean, emanaldiak, tailerrak eta piknika uztartzen dira hiriko parkeetan. Berriro ere “Musika, parkeak, ekin!” lelopean, 2024an, magia, zirkua, natura eta ohiko Txikimusika dira aukeratutako gaiak.

Kultura ordezkariak adierazi duenez, “beste urte batez, eta ez da kasualitatea, hiriko parkeetara helduko da dagoeneko 10 urte beteko dituen programa. Kultura Irungo hainbat txokotara eramateko beste modu bat da Girabira, eta, gainera, modu bat ere bada hiriko berdeguneak aprobetxatzeko udan hiriko kultura- eta aisialdi-jarduerak egiteko agertoki bihurtuta”.

2024ko Girabirako lehen hitzordu honen kasuan, magia izango da muina. Hona programazioa xehetasunez:

  • 18:00etan: Jardunaldiaren hasiera tailerrekin

Parkera agertzen diren familiek hiru tailerrez gozatzeko aukera izango dute. Etxeko txikienentzat, Armiarma Compagniek ‘zirkumotrizitate’ gune bat dinamizatuko du. Magia ikasi nahi dutenentzat, magiako bi tailer antolatu dituzte; bata, 5 eta 8 urte bitartekoentzat, eta bestea, 9 eta 12 urte bitartekoentzat.

Tailer bakoitzean, 20rentzako tokia egongo da, eta izen-emateak parkean bertan egingo dira.

  • 19:30ean: Magia-ikuskizuna

Tor eta Txoborro magoek eskainiko duten ikuskizun horretan, magia eta antzerkia uztartuko dituzte, itxuraz ezerk zentzurik ez duen unibertso magiko bat sortuz. Karta, desagerpen, asmakizun eta gainerako balentrien artean, ikaragarrizko eskapismo-saio bat egingo dute, eta publiko arteko norbaitek lebitatu ere egingo du.

Era berean, gogorarazi du Girabiraren helburuetako bat eremu publikoa erabiltzea dela. Horrela, animatu egiten dituzte parte-hartzaileak, parkera manta eta toallekin etor daitezen piknik eginez meriendatzera tailerrez eta magia-ikuskizunaz gozatzen duten bitartean.

Datozen hilabeteotan, Girabira 2024 programaren barruan, beste hitzordu hauek izango dira:

  • Irailaren 1ean, Girabira Zirkua, Alai Txoko parkean, 17:00etatik 20:00etara.
  • Irailaren 22an, Girabira Natura, Soroxarta parkean, 12:30etatik 16:30era.
  • Urriaren 13an, Girabira Txikimusika, Mendibil parkean, 12:30etatik 16:30era.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude