Bihartik aurrera aro berri bat hasiko da Irungo tokiko merkataritzarentzat. “Zure tokiko merkataritza On moduan” lelopean, datozen hilabeteetan, Irun Market online merkataritzaren proiektuaren esparruan, hainbat jarduera ikusi ahal izango dira. Europar Batasunak finantzatutako ekintzak izango dira, Next Generation EU funtsen bidez.
Nuria Alzaga lehen alkateorde eta Hiri Bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkariak prentsaurrekoa eman du gaur goizean MercaIrunen, Irun Market-en online salmentarako plataforma berria ezagutzera emateko. Plataforma berritua bihartik aurrera martxan egongo da berriro. Une honetan 50 saltoki baino gehiago ari direla hainbat jarduera garatzen martxan jarriko diren ekimen berrietara bideratuta: digitalizazioa, modernizazioa eta trantsizio ekologikoa.
Ordezkariak nabarmendu duenez, “aspalditxotik ari gara esaten Irun Market plataforma eraldatzen ari dela, tokiko merkataritzaren marka berri gisa aurkezten dela lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetze aldera”. Nuria Alzagak adierazi duenez, errealitate bat da Irungo merkataritza etengabe aldatzen eta hobetzen ari dela hilabeteotan martxan jarritako programei esker, digitalizazioaren bidez, salmenta-prozesuak hobetuz edo efizientzia energetikoaren bidez. “Ildo horretan, bihar, online plataforma bat argitara aterako da merkatariei nahiz erosleei hobekuntza nabarmenak eskaintzeko”, gaineratu du ordezkariak.
Online salmentarako plataforma berria martxan jartzea etorkizuneko plataformaren lehen aurrerapauso bat da, datozen hilabeteetan nobedade gehiago izango baitira. Izan ere, plataforma berri horri esker, Irun Market online salmentarako tresna izateaz gain, hainbat multimedia-eduki dauzkan tresna bihurtuko da, eta baita merkataritzarako tresnak dituen intranet bat ere hainbat esparrutarako (prestakuntza, jasangarritasuna eta abar).
Halaber, plataformak tokiko banaketa-zerbitzua izaten jarraituko du, Badoa enpresaren bidez. Enpresa horrek banaketa hori modu jasangarrian egiten du: bizikletaz. Gainera, urtea amaitu aurretik, plataformak hiru kontsigna izango ditu produktuak jasotzeko, herritarrei erosketak errazteko tokiko merkataritzan.
Alzagak azaldu duenez, “laster, denda berriak gehituko dira market place-ra”. Horrela, Hiri Bultzadako eta Ekonomia Sustapeneko ordezkariak bertan egon nahi duten guztiak animatu ditu, udal-webgunean atxikimendu-eskaera egin dezaten. “Tokiko saltokien sare bat ehundu nahi dugu, plataformarekin batera haz daitezen, guztion artean ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko”, adierazi du Alzagak.
Ontziak berrerabiltzeko bultzada
Gainera, merkataritzaren jasangarritasunaren esparruan, irailaren 23an, 24an eta 25ean kontzientziazio-kanpaina bat egingo da, hurbileko merkataritzan erabilera bakarreko ontziak murritz daitezen. Horregatik, bai Hornidura Azokan, bai hiriko hainbat merkataritza-gunetan, ontziak eta poltsak emango zaizkie egun horretako erosketa-txartela aurkezten duten herritarrei. Azokan, ontzi eta poltsa horiek azokako postuetan egindako erosketetarako emango dira; merkataritza guneetan, berriz, Irungo tokiko saltokiaren erosketa-tiketa aurkeztuta emango dira.
Irun Commerce Lab
Era berean, lanak hasi dituzte gerora berrikuntza-gune bat izateko Serapio Mujika kalean dagoen Irun Commerce Lab tokiko merkataritzan. Balio anitzeko laborategi bat da, merkataritzaren arloan enpresen digitalizazioa eta lehiakortasuna bultzatzeko topagune eta esperimentazio-gune dena.



