Irunek, Bidasoa ibaiaren bitartez, migratzaileen memorian egingo den omenaldi artistiko eta herrikoia hartuko du uztailaren 18an. Urmugaren zazpigarren edizio honek Euskal Herria eta Kanariar Uharteak lotuko ditu, mugetan bizitza galtzen dutenen errealitatea ikusarazteko.
Urmuga proiektua, mendia eta musika uztartzen dituen ekimena, bueltan da 2026an erronka berri batekin: “Urmugaren Urtanta”. Egitasmo honek Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatzen duen uren banalerroa (Urmuga) oinarri hartuta, herria josi eta kulturaz blaitzea du helburu. Aurten, ordea, “muga” kontzeptuari dimentsio humanoagoa eman diote, administrazioek ezarritako muga fisikoak pertsona migratzaileentzat suposatzen duten oztopo gaindiezina salatuz. Horretarako, Kanariar Uharteetako Contramapas proiektuarekin elkarlanean, Afrika eta Europa batuko dituen elkartasun mezu unibertsala osatu dute.
Irunek pisu berezia izango du aurtengo egitarauan, uztailaren 18an burutuko den ekitaldi nagusiari esker. Egun horretan, Urmugak bat egingo du Santiagotarrak Arraun Elkarteak antolatutako Bidasoa ibaiaren jaitsierarekin. Ekimen sinboliko honen bidez, ibaia muga gisa igarotzean bizitza galdu duten migratzaileak gogoratuko dituzte. Ekitaldia Amets Arzallus bertsolariaren hitzekin hasiko da, eta amaieran, paduraren aurrean, musika emanaldi hunkigarria eskainiko dute Mugarri, Otxo, Rogelio Botanz, Jokin Lasa eta Et Incarnatus orkestrak, Albaolako Patatxa ontzia bertan dela.
Hala ere, Irungoa ez da izango ekitaldi bakarra.
“Urtanta” maiatzaren 24an hasiko da Kanariar Uharteetan, La Palma zeharkatuz eta El Hierroko La Restinga portuan amaituz maiatzaren 30ean. Bertan, “Hego mugako” drama humanitarioari ikusgarritasuna emateko kontzertu handia egingo da. Ekimen honen bidez, kaiukotan iristen diren migratzaileen eta babesik gabeko adingabeen errealitateari ikusgarritasuna eskaini nahi zaio, kultura eta elkartasuna ardatz hartuta.
Ondoren, uztailaren erdialdean, egitasmoa Euskal Herrira itzuliko da. Uztailaren 17an, adibidez, Ibardingo lepoan (Urruña-Bera artean) Herri Kanta kontzertua egingo da Easo Abesbatzarekin, eta uztailaren 19an Errenga mendian (Lesaka-Oiartzun) Janus Lester eta beste hainbat artista arituko dira naturaren erdian.
Ibilbideak mendebalderantz jarraituko du uztailaren amaieran, Araba eta Bizkaia bisitatuz. Uztailaren 24an, Artomaña eta Delika inguruan, Mikel Urdangarin eta Et Incarnatus orkestra arituko dira, Lehendabiziko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ere gogora ekartzeko. Azkenik, uztailaren 25ean, Urduñako La Antigua santutegian erromeria-kontzertu berezi batekin emango zaio amaiera edizioari; Kepa Junkera izango da ohorezko gonbidatua, Uxue Kerejeta eta Gorka Hermosarekin batera, musika eta mendiaren arteko lotura berezi hau beste urte batez borobiltzeko.
Sarrerak eta laguntzaileak
Urmugaren Urtanta 2026ko kontzertuetarako sarrerak ekaina bukaeratik aurrera egongo dira salgai proiektuaren webgune ofizialean.
Ekimen hau posible izan da erakunde eta eragile hauen laguntzari esker: Gipuzkoako Foru Aldundia, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Nafar Gobernua, Arabako Foru Aldundia, Irungo Udala, Oiartzungo Udala, Berako Udala, Lesakako Udala, Orduñako Udala, Amurrioko Udala, Laboral Kutxa eta Berria.



