Joan den azaroaren 19an, Familia Laguna programaren 2024-25 ikasturteari hasiera eman zitzaion Irungo Dunboa ikastetxean. 2 eta 12 urte bitarteko seme-alabak dituzten jatorri anitzeko 14 familiek parte hartuko dute ikasturte honetan Dunboa eskolako akonpainamendu programan. Topaketan, ikasturte honetan eskolan kulturarteko harreman horiek sortuko dituzten 7 bikoteen aurkezpenak egin ziren.
Merienda baten inguruan, familiek akonpainamendua egingo dieten familiak ezagutu zituzten, eta beren zaletasunei, ordutegiei, konfiantzazko harreman hori sortzeko erabiliko dituzten komunikazio moduei eta horiek errazteko egingo dituzten jarduerei buruzko informazioa partekatu zuten.
Azaroa eta ekaina bitartean, familia parte-hartzaileek, eskola eta udalerri mailan gertutasunezko kulturarteko harremanak eraikitzeko bidea egingo dute, eta horretarako proiektuaren ardura duen Elkarrekin Kooperatiba Txikiko bitartekari-taldeak eskainiko dizkien aholkularitza, topagune, baliabide eta aisialdiko jarduera ezberdinak izango dituzte lagun. Horien artean, abenduan egingo diren formakuntza saioa eta topaketa gastronomikoa.
Irungo (Gipuzkoa) Dunboa HLHI ikastetxearen topaketarekin batera, Bilboko Arangoiti ikastetxean eta Gasteizko Adurtza ikastolan ere egin dira topaketak.
Irungo Dunboa ikastetxean martxan dagoen programa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren laguntza duen “Familia Laguna programa hiru lurraldeetara zabaltzeko” proiektuaren parte da. Honako proiektua aurreko urtean abiatu zen aipatutako hiru ikastetxeetan eta ikasturte honetan beste hiru ikastetxera zabaldu da. Horien artean dago, Irungo Toki Alai ikastetxea. Dagoeneko hasia dena, ikerketa- eta sentsibilizazio-fasearekin.
Gasteizeko Adsis Fundazioa eta Bilboko Aldaika elkartea izango dira, programa Araban eta Bizkaian zabaldu eta finkatzearen arduradunak, Haur eta Lehen hezkuntzako eskolei kulturarteko bizikidetzarako tresnak eskaintzeko helburuarekin.