Azken asteotako gertakariek kezkatu egiten dutela azaldu du gaur jendaurrean Cristina Laborda Irungo alkateak, eta esan du ageriko arazo bat dagoela legez kanpoko okupazioa dela eta: “azken asteotan, gainerako herritarrak bezala, hirian gertatu diren eta inor hotz utzi ez duten zenbait delituren lekuko izan gara. Eta denok dakigu gertakari horiekin lotutako elementu ugarien artean nabarmentzekoak direla legearen kontrako okupazioak”. Alkateak egoera hori salatu du eta delitu horien kontra azkar eta irmotasunez jokatzeko eskatu: “ulertezina da prozesu horiek hainbeste luzatzea eta betikotzea, kezka eta alarma soziala eragiten baitute. Arazoa lehenbailehen desagerrarazteko bide azkarragoak eta eraginkorragoak bilatu behar dira”.
Labordak, gainera, polizia-indar guztiak egiten ari diren lana goraipatu nahi izan du: “Polizia lanean ari da. Gertakari objektiboa da hori: arazoaren berri izan eta berehala jarduten dute, eta delitugileak atxilotu. Egunero-egunero. Ordu gutxiren buruan, baina, libre geratzen dira, eta lehengokora itzultzen dira. Hori ez da onargarria, eta ezintasuna eta etsipena sortzen dizkigu guztioi. Behin eta berriz delitu egiten duten gaizkileei irmotasunez erantzun behar zaie”.
Udalaren eskuduntzatik harago
Alkateak gogora ekarri du arazoak Udalaren eskudantziak gainditzen dituela, eta erantzunak eskatu dizkie segurtasunaren eta bizikidetzaren alorreko gainerako erakunde eskudunei: “segurtasunaren aldeko konpromiso irmoa dugu. Denbora daramagu gai gatazkatsu hau lantzen, eskura ditugun tresna eta baliabideekin. Duela zenbait hilabete, gainerako talde politikoekin batera, Bizikidetzaren eta Segurtasunaren aldeko Ituna berritu genuen, eta dokumentu horretan jasotako zenbait neurri abian jarri ditugu: besteak beste, bitarteko materialak hobetu ditugu kamera berriak erosita, ibilgailu berriak eskuratu ditugu, Udaltzaingoaren plantilla handitu dugu eta datozen urteetan are gehiago handitzeko asmoa dugu, argiztapena hobetzeko lanak gauzatu ditugu eta segurtasuna hobetzeko obra txiki ugari egin ditugu hiriaren luze-zabalean. Edonola ere, agerikoa da hori guztia ez dela aski. Horregatik, berehalako konponbideak eskatzen dizkiet eskumena dutenei, eta gure aldetik laguntzeko erabateko prestasuna dugula adierazi”.
Alkateak adierazi du liskar hauek ezinegona zabaltzen ari direla herritarren artean eta, sentimendu hori bere egiten duen arren, gogoan izan behar da fenomenoa ez dela Irunera mugatzen: “gertakari gaitzesgarriak dira guztiak, eta ez dira zigorrik gabe geratu behar, baina, tamalez, gure inguruko hirietan eta herrialde osoan ari dira ugaritzen. Eskura ditugun tresna guztiak ari gara jartzen, eta bizkortasuna eta soluzio eraginkorrak eskatuko dizkiegu segurtasunaren arloan inplikatuta dauden erakunde guztiei. Argi hitz egin behar da. Gai garrantzitsua da eta egoerak eskatzen duen maila erakutsi behar dugu”.
Azkenik, alkateak herritarrei dei egin die «poliziarekin lanean jarrai dezaten; izan ere, herritarren kolaborazioa funtsezkoa da egoera hauetan».



