“Martetik Martera” aldi baterako erakusketa ostegunean inauguratuko da Oiasso Museoan

“Martetik Martera” izeneko aldi baterako erakusketa berria hartuko du Oiasso Museoak. Erakusketa abenduaren 5ean, ostegunean, inauguratuko da. Marte gerraren jainko erromatarraren eta Marte eguzki sistemako planeta gorriaren bitartez antzinako mitologiaren, aurkikuntza astronomikoen eta esplorazio modernoen arteko harremanak erakusteko.

Erakusketa San Telmo Museoaren, Bilboko Berreginen Museoaren, Gordailuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatu da.  Erakusketa interesa duen ororentzat interesgarria izan badaiteke ere, bereziki, familientzat gomendagarria da. Astronomia gaien eta Marte jainkoaren inguruko piezak biltzen ditu; tartean, Partenoiko Panateneen frisoko 28., 29. eta 30. irudien molde lan original bat, Bilboko Berreginen Museoak lagatakoa –originala Britainiar Museoan dago–.

Aldi baterako erakusketa

Oiasso Museoaren proposamen berria da hau. Aurrez, ekainetik azarora bitartean, “Megalitoak. Espazio sakratuak eta lurralde erreferenteak” aldi baterako erakusketa antolatu zuen, zeinak 3.135 bisitari erakarri zituen, baita, II. Historia eta Zientzia Zikloaren barruan, Biogipuzkoa Institutuarekin elkarlanean, “Emakumeak, sexua eta ugalketa: kontatu gabeko istorioa”.

Aldi baterako erakusketak doakoak izaten dira, eta, neguan, asteartetik igandera daude zabalik, 10:00etatik 14:00etara, eta ostiral eta larunbatetan, 16:00etatik 19:00etara ere. “Martetik Martera”, zehazki, martxoaren 30era arte egongo da irekita.

Ekintza bereziak museoan

Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta , gaur bertan, abenduaren 3an, Oiasso Museoaren egoitzan bertan, 19:00etan, Juncal Cepedak eta Olga Grandek “Dos capacitadas” bakarrizketa emango dute, izen bereko podcast arrakastatsu eta dibertigarrian oinarritua, desgaitasunari buruz naturaltasunez hitz eginda umorearen bidez hausnarketa eta enpatia bultzatzeko. Sarrerak Museoaren harrera lekuan jaso daitezke.

Gainera, hilaren 7an, larunbatarekin, 12:00etan, Maider Galartzak Jolastu nahi? antzezlana emango du, Aizpea Goenagak idatzi eta zuzendua, haurrentzat: oso bakarrizketa dibertigarri bat, Oiassoko haurrak zertan jolasten ziren azaltzen duena. Gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko, Museoaren harrera lekuan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude