“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteak II. Errepublikaren 94. urteurrena ospatuko du apirilaren 13an, igandean. Elkartearen jarduera, ordea, data horren ospakizunetik harago doa, 3 lan lerro nagusi dituzte eta: ikerketa, zabalpena eta omenaldiak. Juncal Oyarzun, Tino Zamora eta Marijo Nogués elkarteko kideek egun elkartean martxan dituzten proiektuez hitz egin digute.
Irungo errepublikar elkartea 2005. urtean sortu zen. Marijo Noguések azaldu duenez, “memoria historikoa jorratzeko eta balio errepublikarrak lantzeko kezka genuen pertsonez osatutako talde txiki bat Tinoren garajean elkartu ginen”. Juncal Oyarzunek gogoratu du Kabigorrin egindako jardunaldi batzuetan hasi zirela Errepublikaren gaia lantzen eta Irunen antzeko elkarterik ez zela ikusita, elkartea eratzea erabaki zutela. Elkartearen izenean Nicolás Guerendiainen izena jartzea erabaki zuten, Noguésen hitzetan elkartearentzako pertsona eredugarria izan baitzen: “bizia galdu zuen bere ideiengatik fusilatu zutelako”. Egun oraindik elkarte txikia izaten jarraitzen dutela adierazi digu, baina lan handia egin dute honaino iristeko.
“Pequeña Velocidad zutik iraunarazteko aukera ia galdutzat ematen genuen, baina noizbehinka gogor borrokatzeak baditu bere sariak”
Tino Zamora, “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteko kidea
Elkartearen jarduerari esker, 20 urteko lanaren bitartez, Errepublikaren gaia sakonago lantzea lortu dute. Tino Zamorak azaldu duenez, ikerketa eta dibulgazio lanaz gain, ikastetxeetara ere iritsi dira erakusketa eta hitzaldien bidez. “Proiektuak aurrera ateratzeko beste erakundeekin lankidetzan aritzea funtsezkoa da”. Marijo Noguések elkarteak argitaratutako liburuen garrantzia azpimarratu du: Mertxe Tranchek idatzitako “Los buenos hijos: Guerra civil en Irun”, Alaia Oronozen “A pico y pala: trabajos forzosos en Gipuzkoa – Destacamento Penal de Irun” (1942-1944) eta José Ramón Cruzen “El coraje sin recompensa – Nicolás Guerendiain Salaberri” (1900-1937). Gainera, azaro inguruan, Luis Marianoko lorategietan pikak jarriz erakusketa bat egin ohi dute, urte bakoitzean Errepublikarekin loturiko gai ezberdinak landuz. Juncal Oyarzunek azaldu duenez, “erakusketa horietako gehienak guk eginak dira eta elkartearen egoitzan gordeta dauzkagu”.
Webgunea, lanaren biltegi
“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkartearen webgunea elkartearen barnean egiten den lan guztiaren erakuslea da. Juncal Oyarzunek gogoratu du elkarteak 3 lan lerro nagusi dituela: ikerketa, zabalpena eta omenaldia. Marijo Noguések berriz, garai hura bizi izan zuten pertsonen testigantzak jasotzearen eta partekatzearen garrantzia azpimarratu du: “garrantzitsua da une haiek bizi izan zituzten eta horien bidez gauzak ikasi ditzakegun pertsonen testigantzetara jo ahal izatea”. Horregatik, webgunean elkartean egiten duten guztia islatzen saiatzen dira: omenaldiak, dokumentuak, kartelak, argazki galeriak, hezkuntza materiala eta ikerketak, besteak beste. Oyarzunek aipatu duenez, “paperean argitaratu den guztiaz gain, ikerketa edo artikulu txikiagoak ere baditugu, gai oso interesgarrien inguruan”.
Orain gutxi Intxorta elkartearekin elkarlanean aritu dira muga igaro zuten Gipuzkoako haurrei buruzko ikerketa batean laguntzeko. Juncal Oyarzunek aipatu duenez, “Irungo datuak partekatu dizkiegu, datuak osatzeko eta webgunean ere islatu dugu emaitza. Gainera, Intxorta elkarteak emaitzarekin kaleratu duen liburua elkartean salgai dute 10 euroan. Marijo Noguések adierazi du, Muga igaro eta Stadium Galen egon ziren milaka pertsonen izenak ere webgunean jasoak dituztela eta geroz eta gehiago kontsultatzen diren datuak direla.
“Garrantzitsua da une haiek bizi izan zituzten eta horien bidez gauzak ikasi ditzakegun pertsonen testigantzetara jo ahal izatea”
Marijo Nogués, “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteko kidea
Berriki, iraganean kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad eraikina zutik iraunarazteko erabakia ospatu dute elkartean. ViaIrun proiektuaren ondorioz eraikina eraisteko aukeraren berri izan zutenetik, elkartean hori saihesteko borrokatu dira udalean mozioak aurkeztuz eta erakusketa eta hitzaldien bitartez eraikinaren inguruko informazioa zabalduz, hiritarrak Pequeña Velocidaden garrantziaz kontzientziatzeko. “Pequeña Velocidad zutik iraunarazteko aukera ia galdutzat ematen genuen, baina noizbehinka gogor borrokatzeak baditu bere sariak”, azaldu du Tino Zamorak.
Errepublikaren 94. urteurrena
Errepublikaren urteurrena apirilaren 14an izan arren, aurten ospakizunak apirilaren 13an egingo dituzte. Tino Zamorak azaldu du urtero pertsona edo elkarte bat aukeratzen dutela bandera altxatzeko ohorearekin omentzeko. “Aurten Intxorta elkarteko kideak izango dira pribilegiatuak, gustu handiz gonbidapena onartu dutelarik”, adierazi du Zamorak. Beraz, apirilaren 13an 12:30ean San Juan plazan banderaren igoera egingo dute. Apirilaren 14ko arratsaldean, berriz, karabana errepublikarra egingo dute, hiriko auzoak autoekin zeharkatuz. “Irun osoa zeharkatuko dugu gure auto eta banderekin, jendeak ikus dezan mugimendu errepublikarrak bizirik irauten duela”, gaineratu du Tino Zamorak.
Urteurrenen urtea
Ohiko moduan errepublikaren urteurrena ospatzeaz gainera, 2025ak izango ditu beste urteurren berezi batzuk ere, aurten 20 urte beteko baitira “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkartearen sorreratik. Urteurrena urrian izango denez, elkartean data horretara begira zerbait antolatzeko lanean hasi dira. Tino Zamoraren hitzetan, “oraingoz ideiak baino ez ditugu, mahai gainean jarri eta horiek zehazten hasi behar gara”. Data hurbiltzen den heinean horien berri emango dutela agindu dute.
“Erakusketa horietako gehienak guk eginak dira eta elkartearen egoitzan gordeta dauzkagu”
Juncal Oyarzun, “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteko kidea
Marijo Noguések berriz, gogoratu du aurten Mauthausengo kontzentrazio esparruen askapenaren 80. urteurrena beteko dela. Noseguések azaldu du, “Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkarteak beste talde, elkarte eta erakunde batzuekin antolatzen duen omenaldian parte hartuko dutela. Marijo Noguésen hitzetan, urteurren garrantzitsua da, halaber, “jendeak uste baitu nazien kontzentrazio esparruetan juduak baino ez zirela izan, baina bertan espainiar asko ere izan ziren”.
Etorkizunerako begirada galdu gabe
“Nicolás Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkartean eguneroko zereginetan zentraturik lan egiten duten arren, etorkizunari ere begiratzen diote. Juncal Oyarzunek aipatu du, beren nahi nagusia ikertzen jarraitzea dela. Oyarzunek aipatu duenez, “Beti esaten dut gure nahi nagusia elkartea existitu behar ez izatea dela, horrek esan nahiko lukeelako errepublika izango genukeela, gure nahi nagusia dena”. Izan ere, memoria historikoa landu arren, errepublikarrak direla eta hala bizi nahiko luketela azpimarratu du. Marijo Noguések errepublikar izateko arrazoiak azaldu ditu: “Errepublikak utzi zituen ideia onak defendatzen ditugu: laizismoa, pertsonen askatasuna, herriaren errepublika, ustelkeria demokratikoaren desagerpena, eta estatuaren eta elizaren banaketa”. Azkenik, Tino Zamorak berriz, elkartetik egiten den lan guztia jende gazteari helarazteko beharra azpimarratu du, “eta horretarako informazio guztia webgunean argitaratzen dugu, gertatutakoa errepikatu ez dadin”.



