2014ko udaberrian inauguratu zen San Migueleko adinekoentzako lokala; Irun osoko lehenengoa, auzotarren eskaera bati erantzunez. Irungo Udalak eta auzo elkarteak zabaldu zuten, elkarlanean, eta, ordutik, hamaika jarduera, ikastaro, hitzaldi eta aurkezpen egin da bertan. Bada, gaur, Udaleko Gizarte Ongizateko Arloko ordezkari Nuria Alzaga auzo elkartearekin egon da, lokalaren dinamizatzailearekin eta erabiltzaileekin gune horren hamargarren urteurrena elkarrekin ospatzeko.
Alzagak adierazi duenez, “gune honek asko eboluzionatu du urteekin. Zentro sozial bihurtu da, eta ireki eta inklusiboagoa da lanean; Inguru osoari egiten dio zerbitzu, arreta adinekoengan jarrita betiere. Belaunaldiarteko eta kulturarteko jarduerak programatzen ditu, eta adinekoek komunitateari egiten dioten ekarpena erakusten du, haien balioa”.
Hamargarren urteurrena ospatzeko, Udalak, auzo elkartearekin batera, ospakizun batzuk antolatu ditu, maiatzaren 13tik 18ra bitarteko egunetarako.
Hona hemen egitaraua:
- Maiatzaren 13an, 17:00etan, dantza ilaran, adinekoen taldearen eskutik
- Maiatzaren 16an, 16:30ean, irteera Plaiaundiko Ekoetxera, erabiltzaileek Artean Espazioarekin elkarlanean osatu zuten erakusketa eta murala ikustera
- Maiatzaren 17an, 18:00etan, ipuin kontaketa, Maite Francoren eskutik, eta, ondoren, txokolate edana. Amaitzeko, Txorimaloak taldeko trikitixek jai giroa jarriko dute.
- Maiatzaren 18an, 17:30ean, BINGO DRAG ikuskizuna, Deliria eta Garazi la Fantasyrekin, eta, azkenik, ospakizun festa (askaria eta dantzaldia)
San Migueleko lokala
San Migueleko adinekoen lokala Javier Esteban Indart kaleko 5 zenbakian dago, eta askotariko jarduerak eskaintzen ditu, hala nola zineforuma, euskara eskolak, gimnasia klaseak, informatika eskolak, memoria tailerrak, pilates klaseak eta irakurketa tailerrak.
Era berean, jarduera soziokulturalak egiten dira lokalean, hala nola hitzaldiak, antzerkia, erakusketak, musika emanaldiak, dantzaldiak eta lehiaketak, eta aholkularitza zerbitzuak ematen dira: gizarte laguntza, tramitazioa, teknologia berriak erabiltzen ikasteko eskolak…
Laster, San Migueleko adinekoek eta auzo elkarteak gune berriak izango dituzte, Emigrazioko eraikinean, lanak egiten ari baitira: lokal bat, lehenengo solairuan, sarrerako halletik zuzenean iritsiko dena. Zabalagoa izango da, eta kristalezko manparak izango ditu, patioa ikusi ahal izateko.



