Teresa Errandoneak ohorezko sakea egingo du Bidasoa Irunek larunbatean jokatuko duen partiduan

Argazkia: Estudio Gover

Bidasoa kirol klubak Teresa Errandonea Fernández de Barrena omenduko du Plenitude Ligako 19. jardunaldiko partidaren atarian, joan den astean kirol profesionaletik erretiratuko zela iragarri baitzuen. 29 urteko irundarrak ohorezko sakea egingo du Bidasoa Irun eta BM Logroño La Rioja taldeen arteko partidan.

Errandoneak zortzi urterekin ekin zion atletismoari eta laster nabarmendu zen hesi-lasterketetan eta luzera jauzian, azken proba honetan 16 urtez azpiko Espainiako txapeldun izatera iritsiz 13 urterekin. Bost urte geroago Espainiako txapeldun absolutua izan zen lehen aldiz pista estaliko 60 metroko proban. 2019an Espainiako bere bigarren txapelketa irabazi zuen, oraingoan aire librean. 2021ean, Covid-19aren pandemiaren ondoren eta nazioarteko lehiaketak itzuli zirenean, pista estalian egin zuen debuta Europako Txapelketan, 60 metro hesidunetako finalerdietarako sailkatzea lortuz.

2021ean bere lehen Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen, Tokiokoetan, baina ez zuen lortu lehen txandatik pasatzea. Julen Aginagalde eta Ander Elosegirekin batera, hiru irundar lehiatu ziren joko haietan, kirolari batentzatzako erakusketa, harrotasun eta lorpenik handiena dena.

Bere azken emaitza handia 2023ko udan izan zen, Krakovian jokatutako Europako Jokoetan Espainiako selekzioko kide izan zenean eta 100 metro hesidunetako proban seigarren postua lortu zuenean. Lesioek eta bere aldarteak lehiaketa profesionala uzteko erabaki gogorra hartzea eragin dute. Irundar guztiak harro sentitzen dira azken urteetako sarituenetako kirolariarekin.

Teresa Errandoneak omenaldi handia merezi du Artalekuren aldetik eta horregatik klubak partiduaren atarikoa ikustera aldez aurretik joatea gomendatzen die jarraitzaileei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude