2020ko udak utzitako turismo datuek denboraldiaren hasieran egindako aurreikuspen negatiboak gainditu dituzte. Espero zitekeen bezala, aurtengo udak utzitako datuek aurreko urtekoak gainditzea lortu ez badute ere, ez dira urrutiegi ibili eta udako hilabeteetan zehar Bidasoa eskualdean turismo mugimendua izan dela erakutsi dute.
Irunen hotelen okupazioak gora egin zuen abuztuko hilabetea zehar, izan ere, %83,92ra irtsi baitzen. Abuztuko okupazioa 2019ko epe berdinean baino %6,7 txikiagoa izan da aurten. 2020ko uztaileko datuekin alderatuz gero, okupazioak %12 igoera izan zuen, abuztuko hilabetea turismoa gehien mugitzen duen hilabetea dela baieztatuz.
Oihana Yerga Urdanibia Park hoteleko zuzendariaren esanetan, “iragarpen guztien aurka, uda oso ondo joan da”. Urdanibia Park hotelaren kasuan, uztailean okupazioa %80,2koa izan zen eta abuztuan %93ko okupazioa izatera iritsi dira, batez besteko prezioa iazkoaren an- tzekoa izanik. Hotelera etorri diren pertsonen jatorriari dagokionez Oihana Yergak azaldu du, “turista nazionalen gorakada nabaritu dugu”. Dena dela, Frantziatik eta Erresuma Batuetik ere jende asko etorri dela gaineratu du Urdanibia Park hoteleko zuzendariak eta, zentzu horretan, 2019ko udako datuak mantendu dira.
Hala ere, Yergak dioenez, “jatetxeari dagokionez, datuak asko jaitsi dira. Martxoan, Alarma Estatua hasi baino lehen, hoteleko jatetxea oso ondo ari zen funtzionatzen, eta orain, ordea, datuak oso txarrak dira “. Datozen hilabeteei begira, Oihana Yergak esan du “ziurgabetasun handia” dagoela. “Gu, adibidez, asko bizi ginen Imserso-ren bidaietatik, eta aurten, beraz, enpresa-turismoa erakartzen saiatuko gara. Hala ere, uste dut datorren urteko apirilera arte ezin izango ditugula zailtasunak gainditu”.
2.788 bisita Turismo Bulegoan
Turimso Bulegoak 2.788 bisita izan ditu guztira (1.377 uztailean eta 1.411 abuztuan); horietatik %45,6a Irungo jendearenak izan dira, %4,6a Euskadiko beste leku batzuetako jendearenak eta %26,3a estatuko turismoari dagozkionak, Katalunia, Aragoi, Valentzia eta Nafarroako bisitariak nabarmentzen direlarik. Gainerako %23,5a atzerritarrak izan dira, batez ere Frantziakoak. Hala ere, Donejakue bidearekin zerikusia duten kon- tsulten kopuruak behera egin du, erromesen aterpetxeak itxita daude eta.
“Bizi dugun egoera kontuan hartuta, datu hauek oso positiboak dira”, adierazi du Miguel Angel Páez Bidasoa bizirik-eko presidenteak. “Turismo Bulegoa bisitatu duten pertsonen kopurua 126 baino ez da jaitsi iazko aldi berarekin alderatuta. Horrek, hotelen okupazioak %80a gainditu duelarekin batera, harro sentiarazten gaitu”, adierazi du Miguel Angel Páezek. Bidasoa bizirikeko presidentearen ustetan, jendeak “oso urrun” joan nahi ez duen denbora honetan, Irun helmuga bezala aukera- tzeak argi uzten du hiria erakargarria dela. Hortaz gain, gaineratu du, “garai hobeak iristen direnean turismoak goraka jarraituko du, aurreko urteetako datuek erakutsi zuten bezala”.
Bisitari gehiago landa-eremuetan
Turismo Bulegora hurbildu diren bisitari gehienek naturako ibilbideei buruzko informazioa eskatu dute. Gainera, Lapurriturriko informazio-gunean kontsulta ugari egin dira, batez ere frantsesen aldetik.
Maria Serrano Bidasoa bizirikeko presidenteordeak azaldu duenez, “Covid-19ak sortutako egoeraren aurrean, pertsona askok gune naturalak bisitatzea nahiago dute, jende pilaketak saihesteko”. Zentzu horretan, presidenteordeak azpimarratu duenez, Irunek aukera asko eskaintzen ditu naturan irteerak egiteko, eta, beraz, ez da harritzekoa pertsona askok oporretarako hiri hau aukeratu izana.
Oiasso museoa
Irungo Oiasso Erromatar museoak 3.563 bisitari jaso ditu udako hilabeteetan zehar. Covid-19ak eragindako osasun krisialdiaren ondorioz, udan zehar ezin izan da ekitaldi jendetsurik egin, eta, ildo horretatik, ez da Dies Oiassonis jaialdia antolatu. Horren ondorioz, Museoaren udako emaitzak % 50 baino gehiago apaldu dira. Nolanahi ere, beste uda batzuetan, erromatar jaialdiaren egunetako kopuru bereziak alde batera utzita, bisitari kopurua uda berezi honetakoaren ingurukoa izan da: 3.500.
Oiasso museoak antolatutako jardueretan, Irugurutzetako meatze-barrutia izan da eskari handiena izan duen irteera, eta, ondoren, Santa Elena-ra bisita eta igandeetako Erromatar tourra. Irugurutzetara tren berdean egindako bisita gidatuetan, Ama Xantalengo nekropolira egindakoetan eta tailer didaktikoetan, berriz, erabiltzaile kopurua murriztu da, eta zegozkion prebentzio eta higiene neurri sanitarioak hartu dira, baina, edonola ere, 841 lagunek parte hartu dute; horrela, Irugurutzetako eskaintzak iazko erabiltzaile kopuruaren %75ri eutsi dio. Bestetik, “Kostaldeko euskal sukaldaritza: erromatar garaitik abangoardiara” eta “Meazuri: argiak eta koloreak” aldi baterako museoko erakusketek 1.601 bisitari erakarri dituzte.